GIZARTEA: Narkotrafikoaren sarea moztu!!

Drogaren fenomenoarekin alarma gorriak piztuta daudela diogunean beste zenbait elementu ere aztertu beharko genituzke, ematen den kontsumo eredua esaterako, baino oraingo honetan fenomeno honekin konkretuki gure segurtasuna ere arriskuan zergatik dagoen azaldu nahi dugu.

Gugandik "gertuen" dagoen eta Narkotrafiko sarearen parte den "trapitxeroa"ren fenomenoaren arriskuetaz jabetzeko lantxo bat ere burutu dugu.



Euskal Herria herri zapaldua da
Euskal Herriari ez zaio existitzeko eskubidea errespetatzen. Nazio den heinean, bere egituraketaz, hizkuntza politikaz, plangintza ekonomikoaz, eta funtsean bere etorkizuna erabakitzea ukatzen zaio. Herriaren hitza ukatzeko helburuarekin ezarri/inposatu ziren amejoramendu eta estatutua, eta oraindik ere, marko politiko honen ondorio mingarriak jasaten ditu gure herriak.

Euskal herriaren aldeko erresistentziak urte hauetan ez du etenik ezagutu, baina modu berezi batean aipatu behar dugu gazteriak jokaturiko papera. Honek erakutsitako grina, ausardia eraberritzeko gaitasuna, gazteria estrategia errepresiboan jo puntu nagusia izatea eragin du, bere desmobilizazio eta suntsiketa hel buru direlarik.

Errepresioa izan da beti Espainiak eta Frantziak Euskal Herriarekin akabatzeko erabili duten bidea. Bitarteko errepresibo mota guztiak erabili dituzte estatuek herri honen aurka. Drogak ere ez direlarik estrategia errepresibo honetatik at gelditu. Euskal Herrian drogen fenomenoaren erabilpen politiko kontrolatu bat egingo dute estatuek. Euskal Herria Europako lurralde militarizatuena izanik, ezinezkoa da txakurren kontrolpetik at trafiko sareak aritzea. Sare hauek, botere eta informazioa eskaintzen dute, eta hau gatazka egoera batetan, hil ala bizikoa da.

Euskal Herrian Droga txakurradak sartzen du, eta hona hemen droga trafikoak botere politiko eta gorputz polizial desberdinekin duen loturaren adibide batzuk:

-Navajas informea: Bertan Galindoren aginduetara zeuden 30 Guardia Zibilen izenak, informazio sareko pertsonen izenak eta politikarien izenak ageri dira, guztiak kate berdinean.

-Rafael Jesús Lopera trafikantearen kasua, polizia indar guztiekin harremana zuena, Donostiako lnjentea kaleko bere bulegoan, bere baimenaz, Bulebarreko istiluak filmatzeko kamerak zituela jakingo da.

-Irunen Guardia Zibilak buruturiko operazioan 150 kilo desagertuko dira komisaldegian.

-1997.urtean La Salveko kuarteleko Guardia Zibil batzuk PP-ko zinegotzi batekin Narkotrafiko sare bat eratuko dutela jakingo da.

-Luis Morcillo GALekin lotura zuzena zuena eta Santi Brouard-en hilketan parte hartu zuena, 100.000 extasi pilulekin harrapatuko dute.

-Jose Luis Folgueras Bilbon poliziaren salatariari Gasteizko polizia komisarioak muga libre noiz zuen adierazten zion droga bertatik pasatzeko.

-1997.urtean 100 kilo speed harrapatuko dituzte, eta operazio hori denbora luzez isilaraziko dute, bertan Guardia Zibilaren salatari bat inplikaturik agertuko delako.

-2000.urtean Jesus Maria Alfaro zipaioa (PSOEko zinegotzi baten bizkarzaina) kokaina trafikoagatik atxilotuko dute droga sare baten aurkako operazio batetan.

Hauek adibide batzuk besterik ez dira, eta egitura honetan "trapitxeroak" azken maila izango dira. Baina esan bezala egitura horien barruan kokatzen dira.

Euskal Herrian trafikantea pertsona iluna izatetik, orain gertuko pertsona eta "inkluso" agian kuadrilakoa edota ezker abertzaleko militantea ere izatera pasa da. Narkotrafikoaren katea sukalderaino sartu zaigu horrek dakartzan arrisku guztiekin.

Narkotrafikoak gazten segurtasunean nola eragiten duen aztertzen ari garen honetan, trafikante txikiak (trapitxeroak) betetzen duten papera aztertzera goaz, jendea "trapitxeoaren" arazoari seriotasun pixka batez gerturatzeko.

Lehenik
Egia bada ere oraindik orain badaudela norbere eta inguruko lagunen kontsumorako soilik jaisten direnak "morora", arazoa bestelakoa da. Lehenik eta behin, sare mafiosoak, kapitalismoaren legeei jarraiki, drogen produkzio, zirkulazio eta salmenta prozesu osoa gero eta gehiago kontrolatzen eta zabaltzen ari dira, sare batzuk besteei estuki bigilatzeko beharra sortuz. Honek guztiak negozio txikiak kontrolatzera edota, beren nahiekin bat ez badatoz, deuseztera eramango ditu, eta horretarako Estatuaren parte hartzea beharrezkoa ez bada ere, botereak irabazi gehiago lortzeko eta espioitza eta infiltrazio zerbitzuak hobetzeko interesak bultzatuta gertatu ohi da.

Bigarrenik
Estatuak sare txiki horiek kontrolatzeko interesa badu. Badaki trapitxeo "fidagarri" horretan jotzen duen zerbait ezkutatzeko duela edota noizbehinkako kontsumitzaileak direla. Nolanahi ere, zeini saltzen dioten ikertu nahiko du, eta informazio hori berehalakoan erabiliko ez badu ere, hortxe izango du gordeta. Lehenago ala beranduago, konpetentzia nahiz bestelako arazoren batean sartu daiteke pertsona hori, eta une hori aprobetxa dezake Estatuak nolabaiteko presioa, xantaia edo eskaintzaren bat egiteko. Demagun "trapitxeoa"-ren munduan aspaldi artuta dagoen eta ezker abertzaleko jendearekin harremanak dituen horietako batek poliziaren "bisita" jasotzen duela, mehatxupeko xantaian oinarritzen den "eskaintza" zehatza egiten diotela. Pertsona horrek ez du inolako kontzientziarik, psikologikoki ez dago ezertarako prestatuta, are gutxiago tankera horretako sustoa jasateko, eta gainera negozio errentagarri eta segurua eskaintzen badiote,armiarmaren sarean erortzeko aukerak oso handiak izango ditu.

Hirugarrenik
Gaur egungo kontrol eta bigilantzia sistemekin, bere kontura trafikatzen dabilen batek bolada batean agian lortu dezake poliziaren begiradapetik at geratzea, baina ez denbora luzean. Norbaitekin kontaktatu eta negoziatu beharko du, norbait erosi, ordaindu eta abar, eta horrek, saltzaile den sareari, informazio aunitz ematen dio, harreman pertsonal horietatik abiatuta. Une bat iritsi daiteke non sare horrek beste sare batzuekin negoziatzera behartuta egon daitekeen, edota botere handiagoko lehiakideen menpe geratzera, eta abar; gauza bera gertatzen da enpresa handientzat lan egiten duten enpresari autonomo txikiekin, beren buruaren jabe direla uste izan arren, ez dira inor, eta lan egiten duten enpresaren menpe daude erabat. Drogen ekonomia ilegalari dagokionez, krisi hauek askoz ere gogorragoak dira, eta Estatu ustelaren parte hartzearekin ematen dira gainera.

Laugarrenik
"Trapitxeoa"ren bidez harreman hurbilak, pertsonalak eta baita languntasunezkoak era lantzen dira. Dantzaleku edo taberna batean, edota jende asko dabilen auzo batean erosle eta saltzailearen arteko harremanak hotzagoak izaten dira. "Trapitxeoari" dagokionez, batez ere saltzaileak berak ekarri duenean edota kantitate txikiak saltzen dituenean, ezagunei salduko die, auzokoei, lankideei... eta erosle hauek ere berarekin harremana lantzen joango dira, honetaz eta hartaz hitz egiten... ez baita "trafikantetzat" hartuko. Txokoan, herrikoan agertzen bada ere ez da inor harrituko, auzoko bat gehiago baita. Eta egoera honi dagokionez, esan beharra dago hasiera batean lagun edo ezagunen arteko harremanak ziruditenak, goiz ala berandu merkataritza hustean oinarritutako harremanak izaten bukatzen dutela, eta hemen dago "trapitxeoaren" arriskurik handiena, merkataritzako harremanak sartzen direla lehen laguntasunezkoak izan zitezkeenetan.

Bosgarrenik
Esan dezagun trafikante txiki hori erabateko babes eza nozitzen duela Estatuaren esku erortzean. Sare ertain edota handietako saltzaileek beren babes sistemak dituztelarik -abokatuak, fidantzak ordainduko dizkien egitura bat- trafikante indibidualak ez du inolako babesik izango atxilotua izatean. Era berean, ez dio kanpoko inori azalpenik eman behar atxiloketa bitartean esandakoarengatik. Sare batean dabilenak badaki zerbait esanez gero azalpenak eman beharko dituela, eta larrutik ordaindu dezakeela esandakoarengatik, kartzelan nahiz hemendik kanpo. Trafikante hauek elkarri bigilatzen ari dira etengabe eta askoz ere kontu handiagoarekin ibili behar dute. Baina trafikante indibidual (trapitxeroa) batek nahi duena esan dezake, gero arazoak izateko beldurrik ez du izango. Bere erosle guztiak salatu ditzake eta kolaboratzen hasi, inork bere susmorik izan gabe. Bere arrisku bakarra, kolaborazioa bitartean akats ugari egitea da, azkenean agerian geratu arte. Berdin dio bere salaketak maila txikikoak izatea, poliziak horrelako iturri aunitz dituenez, azkenean bata bestearekin erlazionatu eta informazio ugariren jabe egiten baita.

Seigarrenik
Trafikante txikiak "garrantzirik gabeko" informazio asko izan dezake, baina erabakiorra, segun eta zein informazio mota den, nola lortu den eta zertarako erabiltzen den. Kokaina kontsumitzen duen maila altuko exekutibo batek negozio zikinei buruzko gauza inportanteak kontatu ditzake, eta "trapitxero" batekin harremanak dituen gazte batek auzoari buruzko gauzak kontatu diezazkioke, garrantzirik gabekoak, baina erabakigarriak auzoko bizitza ezagutzeko, taberna batekoak, koadrila batena, familia batena, gaztearen bi lagunena... Eta, hain zuzen ere, trafikante indibidual txiki horren informazioa eraginkor egiten dutenak harreman "pertsonalago" edo "gizartiarrago" horiek dira, baina argi izanda sekula ezin direla egon "giza harremanak"; droga saltzaile eta eroslearen artean, produktua bera, merkatua edo negozioaren tankeragatik. Sareetan antolatutako trafikanteak erosleekin izan dezakeen tratu inpertsonal eta hotzaren aurrean, trafikante txikiak harreman berriak, zuzenagoak eta pertsonalagoak bilatuko ditu, beti ere harremanak hobetzen saihestuko da, auzoko dendari txiki batek egingo lukeen bezala bezeroek ez diezaioten supermerkatu handietara alde egin. Harremanak hobetzea, beraz, bere intereserako egingo du, ez bezeroak pozik uzte hutsagatik. Eta bere interesen alde, edozein saltzeko prest egongo da.

Zazpigarrenik
Eta aurreko guztia kontuan hartuta, eman dezagun herri mugimenduren batean dabilen gazte batek hornitzailez aldatzen duela edota independizatu bere kaxa bilatzen duela bere dosia. Orduan, bere hornitzailea zen "lagun" zaharra etsai bihurtu dakioke, drogaren munduan ezin baita bezeroak edonola galtzen ibili. Hornitzaile zaharra salataria bazen, gainera, txakurradak ematen zion diru sarrera extra bat ere galduko du. Beraz, bezero zaharra non dabilen, norekin, zertan... jakiten saiatuko da, kontrol eta bigilantziarako mekanismoa martxan jarriz, eta drogaz kanpoko mundua inplikatuz. Horrelako egoeratan, Estatua da gehien irabaziko duena, tresna berriak sortzeaz arduratuko da: prentsak ere parte har dezake, manipulatu, gezurrak esan... ezker abertzaleak drogak hartzen dituela eta ezker abertzalekoek drogarekin trafikatu egiten dutela esanez...

Zortzigarrenik
Agian lehengo gazteak "independentzia" lortu du drogei dagokienean, baina seguraski bere atzetik arrastoa utzi duela, eta edozein unetan jaso dezake batere gustukoa izango ez duen "bisita". Xantaia, tratu txarrak jaso ditzake, etorkizunean gerta dakiokeenaren abisu gisa. Badakigu horrelakorik gerta daitekeela. Eta lehengo gazte jator hori, salatari zikin bihurtu daiteke. Ez du zertan horrela bukatzeko aukera handiak ditu. Eta salatari izaten bukatzen ez badu ere, drogaren merkataritzan aritze hutsagatik badu erantzukizunik. Oso zaila da labanaren ertzetik ibiltzea, goiz ala berandu aldeetako batera erori gabe, zein baino zein kaltegarriagoa. Horrenbeste kontrol sozial, era guztietako bigilantziak eta espioitza aparatu dauden testuinguruan, barregarria da uste izatea ezker abertzalearekin zerikusia duen baten batek tigre gainean ibili, marrazoari iseka egin eta munstroaz barre egin dezakeenik drogaren kontuari dagokionean.



[Drogak]