ARTXIBOA: 1917, Lenin eta Iraultza Errusiarra

Vladimir Ilich Ulianov, Lenin, 1870ean jaio zen, Simbirsk hirian. Gaztea zelarik, atxilotua eta desterratua izan zen, Karl Marx-en ideien jarraitzaile zelakoan. Hala ere, 1890ean Manifestu Komunista itzuli zuen alemaneratik errusierara.

Gerora, Leninek San Petersburg-en jarri zuen bizilekua, Lanaren Askapenerako Ligan militatzen hasi zelarik. Ez zuen denbora asko eman egoera horretan, berriro atxilotua eta Siberiara deportatua izan baitzen. Denbora ez zuen alferrik galdu eta deportazioa iraun artean hogeita hamar idazki inguru kaleratu zituen. 1900eko urtarrilean zigorra bukatu eta egunkari iraultzaile bat osatzeari ekin zion, etorkizuneko alderdi iraultzailearen oinarri gisa. Berriro ere, errepresioaren jo puntu bihurtu zen Lenin eta ihesi egin behar izan zuen, Ginebrara hain zuzen ere. Bertan Iskra (Txinparta) aldizkaria argitaratzen hasi ziren.

1905ean Tsarren errepresioa gogortu egin zen, eta Leninek Errusiara itzultzea erabaki zuen, Bizitza Berria aldizkaria sortuz. Orduan, iraultzaren gertukotasunaz oharturik, eztabaida bat piztu zen Lenin eta mentxebikeen artean, azken hauek zirelarik Tsarren aurkarien arteko gehiengoa. Leninen iritzia zen iraultzaren gidaritza langileek egin behar zutela, mentxebikeek burgesiarekin aliantza nahi zutelarik, edozein iraultzaren aurretik. Eztabaida garatzen ari zela Leninek alde egin behar izan zuen berriro ere, honako honetan Alderdi Boltxebikearen oinarriak prestatzera.

Urte batzuen pean Alderdi Boltxebikea eta mugimendu iraultzailea berrantolatua zegoen eta 1912rako Tsarraren aurkarien erreferentzia nagusia zen. Dumarako (errusiar parlamenturako) hauteskundeetan milioi bat bozka lortu zituen alderdi iraultzaileak, mentxebikeek berrehun mila bozka lortzen zituzten bitartean.

1917an herritar errusiarren haserrea geroz eta handiagoa zen, batez ere Lehen Mundu Gerran Errusiar herriak pairatutako triskantza (sarraskia) eta gerraren kostuengatik. Urte bereko martxoaren 11n kosako erregimentu batek ogia eta gerraren amaiera eskatzen zuen langile manifestaldi baten aurka ekin zion 70 pertsona hilez. Soldadu askok, sarraskiak eraginda, kuarteletatik ihes egin zuen. Momentu horretan Dumak boterea hartzea erabaki zuen, monarkiarekin bukatu eta errepublika ezarriz.

Egoera ikusirik, Lenin Errusiara itzuli zen, alderdia berrantolatu, multzo iraultzaileak sortu eta izugarrizko lan politikoa egitera.

Hilabete batzuen buruan iraultza abian jartzeko momentu egokia zela uste izan zuten boltxebikeek, eta 1917 urriaren 25ean boltxebikeek Petrograd (San Petersburg) hartu zuten. Egun horren arratsaldean iraultzaileek Dumak sorturiko gobernu probisionalaren egoitza zen Neguko Jauregia hartu zuten. Altxamenduak iraun zituen hogeita lau ordu eskasetan hamar pertsona hil ziren soilik. Momentu horretatik aurrera Lenin Errusiako Gobernu Sozialistaren lehendakaria izango zen, Trotski Kanpo Harremanen Ministerioaz eta Stalin Nazionalitateen Ministerioaz arduratzen ziren bitartean.

Hala ere, altxamendua ez zen gerratearen amaiera izan. Leninek bakea sinatuko zuen alemaniarrekin eta Europan Lehen Mundu gerra bukatzen zen bitartean, errusiarrentzat gerrate zibila hasiko zen. Gerrate honetan Armada Gorria Frantziak, Ingalaterrak eta Amerikako Estatu Batuak hornituriko Armada Zuriaren aurka borrokatuko zuen. Hiru urteren buruan bukatu zuen herrialdea miserian eta gosetean sumindu zuen gerratea. Egoerari buelta eman ahal izateko ekin zion Leninek Politika Ekonomiko Berriari, berak kapitalismotik sozialismorako etapa probisional bezala definitu zuena.

Lenin 1924ean hil zen, bi urte lehenago jasandako bi erasoren ondorioz. Errusiako Gobernu Sozialistaren presidentzia Stalinek hartuko zuen.

Leninek idatziriko lan politikoak 56 liburutan jaso ziren, eta munduko hizkuntza gehienetara itzuli zen. Aipagarriak dira, beste askoren artean, "Zer egin?" (1902), "Inperialismoa, kapitalismoaren goreneko fasea" (1915) eta "Estatua eta Iraultza" (1917).


[Memoria astintzen]