ARTXIBOA: 1974-1994, Lemoizen

Espainiar estatuaren hasierako asmoa Euskal Herrian lau zentral nuklear eraikitzearena zen, bata Lemoizen eta besteak Tuteran, Ea-Ipazterren eta Deban. Asmoa ez zen garatu Estatuan Erreforma delakoa hasi zen arte, Lemoizen zentral nuklearra eraikitzen hasiaz. Nahiz eta PNVk eta estatuak gatazkaren oinarrian Euskal Herriaren etorkizun energetikoa zegoela esan, Lemoizen inguruko borroka herri sektoreen eta botere ezberdinen ordezkarien arteko borroka batean bihurtu zen, izan ere, proiektuaren defentsan indar metaketa handia izan zen, proiektuaren aurka sorturiko mugimendua Euskal Herrian eta Europan aspaldian sorturiko herri mugimendurik indartsuena izan zen.

1974 hasi zen eratzen Lemoizko zentralaren aurkako herri mugimendua, eta urte horretan bertan ekin zien Euskadi Ta Askatasunak Lemoizen aurkako ekintza armatuei.1976ko Abuztuaren 26an burutu zen Lemoizen aurkako lehen manifestaldia, Plentziatik Gorlizerako ibilaldian 50 000 pertsona bilduz. Herri mobilizazioak bultzatu eta koordinatzeko asmoz sortu ziren 1978ean Komite Antinuklearrak eta urte horretako lehenengo hilabetetarako ia herri eta auzo guztietan zegoen Komite bat antolatua. Lemoizen aurka borrokatzeaz gain Komite hauek eztabaida bultzatzen zuten, hala nola energia nuklearraren ingurukoak eta honek eragiten zituen gizarte ereduen ingurukoak.

Hala ere, zentralaren eraikitze lanek aurrera jarraitzen zuten, era azkar batean gainera. Honen ondorioz, zentralaren aurkako ekimenak bikoiztu egin ziren. Margoketa, manifestaldi eta argi-itzalketez gainera, ETAk ere bere ekimenak biderkatu zituen, helburu zuzentzat harturik Iberdueroren (zentral nuklearraren enpresa eraikitzailea) eraikin eta interes ezberdinak. Garai honetan David Alvarez militantea hil zen Lemoiz inguruan Guardia Zibilekin izandako tiroketa batean eta erakundeak bitan erasotu zituen zentralaren barne instalazioak, eta nahiz eta abisua emana izan, hiru langile hil ziren orotara. Herri ekimenak gelditu asmoz Estatua errepresioaz baliatu zen, manifestaldien aurka ekinez, atxilotuei Lege Antiterrorista ezarriz, etab. 1979an, Tuteran konbokatu zen konzentrazio bat erasotu zuen Guardia Zibilak, Gladis del Estal militante antinuklear donostiarra hil zutelarik tiroz.

1980. urtean Lemoizera uranio iritsiko zenaren zurrumurrua zabaldu zen. Honek hainbat eragin izan zituen. Alde batetik PNVk publikoki azaldu zuen zentralarekiko atxikimendua energia nuklearraren aldeko kanpainak eginaz eta bestetik, zentralaren aurkako herri borrokak ere bere estrategia aldatu egin zuen. Komite Antinuklearrek "Lemoiz apurtu!" Leloa hautatu zuten beraien ekimenetarako eta bestetik Euskadi Ta Askatasunak bere estrategia aldatu zuen, zentralaren posturik garrantzitsuenak erasotzeko hautua eginez eta ekintza armatuak ugarituz.

1981eko urtarrilaren 29an ETAk Jose Maria Ryan bahitu zuen, zentral nuklearraren ingeniari nagusia. Astebetera Ryan hilik agertu zen. Egun horietan ere ETAko beste militante batek galdu zuen bizitza zentralaren aurkako borrokan, Pepe Barros hain zuzen ere.

1981 urtetik aurrera oso ugariak izan ziren ETAk buruturiko ekintza armatuak, 68 burutuaz zazpi hilabeteetan. Izan ere Iberdueroko zuzendaritzak urte bereko martxoan jarri nahi zuen martxan zentrala. Ekintza hauek ere izan zituzten kosteak militanteen artean, izan ere martxoaren 17an Mario Alvarezek galdu zuen bizitza, 1977an hildako David Alvarez militantearen anaia.

1982an burutu zuen ETAk zentralaren etorkizuna baldintzatuko zuen ekintza, Ángel Pascual, Lemoizko zuzendari exekutiboa izan behar zuena hil zuenean. Hala ere ekintza honek ez zuen suposatu zentralaren aurkako borrokaren amaiera. Kalean mobilizazioak burutzen ziren bitartean ETAk ere ekintza armatu ugari burutu zituen, horietariko ekintza batean hil zirelarik, 1982ko maiatzaren 13an, Jose Valencia eta Jose Aleman militanteak.

Azkenik, 1994an, Madrileko gobernuak inoiz ireki ez zen zentral nuklearra behin betirako ixtea erabaki zuen. Herriak, borrokaz, Lemoiz ixtea lortu zuen.



[Memoria astintzen]