GIZARTEA: Drogak, diskotekak eta herriaren egoera

Drogomenpekotasuna
Menpekotasunaz ari garenean, ez gara ari laurogeigarren hamarkadako heroina kontsumitzaileaz. Denborak aurrera egin du eta drogen fenomenoak ere aldaketak ezagutu ditu. Substantzia berriak merkaturatu dira eta kontsumitzeko moduak ere ez dira duela hogei urtetakoak.

Hortaz, droga kontsumitzaileak ere ez du ordukoarekin zerikusirik. Heroinak eragiten zituen ondorioak oso agerikoak ziren epe motzean gazteak suntsitzeko zuen gaitasunagatik. Aldiz, egun oso zabalduak dauden hainbat kontsumo motaren ondorioak ez dira hain nabarmenak, itxuraz behintzat.

Edozein kasutan eta zenbaitzuk kontrakoa sinestarazi nahi badute ere, egun ikus daitezkeen hainbat kontsumo ereduk ondorio larriak sorrarazten ditu. Agerikoa eta askotan kontzientea ez den menpekotasuna eragiten dute.

Menpekotasuna mota ezberdinetakoa izan daiteke: fisikoa (heroina, alkolismoa...) ala psikikoa (speed, kokaina, hachis...). Baina azken aldian menpekotasun funtzionalaz ere hitz egin daiteke, alegia, menpekotasun fisiko edo psikikorik gabe, hainbat egoera bilatzeko helburuarekin gauzatzen den kontsumoaz. "Kontsumitu gabe pasa badezaket ere, hobeto pasatzen dut eta horregatik jartzen naiz astebururo". Egun inortxok bere burua menpekotzat jotzen ez badu ere, errealitateak kontrakoa erakusten digu, desfasatzea eta kolokatzea gazteon obsesioan dela hain zuzen.

Desfasearen kultura, hots desfasatzeko bizitzaren kultura, neoliberalismoak indartzen dituen bizi ereduen logikari erantzuten dio: kolektibitate ideia oro baztertzea, norberaren burua beste guztiaren gainetik jartzea, irudia onarpen sozialerako ezinbestekoa bilakatzea, dibertsioa izatea gazteon kezka bakarra...

Finean, desfasearen kultura, dependentzia mota bat da, eta menpekotasun mota guztiak bezalaxe, bulnerabilitatea dakar berarekin. Gazteon gaitasun kritikoa eta erabakitzeko ahalmena murriztu egiten ditu, eta ondorioz, ahulagoak egiten gaitu sistemaren zein txakurradaren aurrean.



Nahi dudana egiteko askatasuna
Gazteok nahi duguna egiteko askatasuna dugula esatea, kapitalismoaren garapena eta zapalkuntza ukatzea da. Hau da, kapitalismoaren erasoaldia orokorra dela eta gure bizitza esparru guztietan duen islari muzin egitea. Neoliberalismoak gazteon bizimodu eta pentsamoldeak bere beharretara egokitzea premiazkoa du eta horretarako bitarteko ugari erabiliko ditu. Hauek guztiak gazteon aurkako presio bideak izango dira, kontziente edo inkontzienteki, gehiago ala gutxiago, gazteongan eragina izango dutenak.

Esaterako, desfasearen kulturak egun inposatzen den aisialdi ereduari erantzuten dio (kontsumismoa, hedonismoa...) eta honen atzean interes ekonomiko eta politiko zehatzak daude. Gainera, droga kontsumoa onarpen sozialerako bide batetan bilakatu dela nabarmena da. Hortaz, inozokeria litzateke gazteok droga kontsumitzeko askatasun osoa dugula esatea, ugariak baitira gure erabakietan eragiten duten faktoreak. pairatzen dugun erasoaldiaren ondorioz.

Edozein kasutan, mugimendu iraultzaileek betidanik erabili dituzten kontzeptuak bereganatu egin ditu sistemak. Errebeldia eta askatasuna esandakoaren adibide batzuk besterik ez dira. Askea izateko "Amena telefono mobil" bat erosi besterik ez dago eta logika berari jarraituaz, droga ilegalen kontsumoak ematen digu askatasuna, inor baino "antisistema" eta alternatiboagoak egiten gaituelarik.

Bestetik, askatasun pertsonalaz hitz egiterakoan, ezin ahaztu dezakegu gizabanakoa eta bera bizi den kolektiboaren arteko harremana etengabea dela. Gizabanakoa ezin da bere lagunartetik, herritik, ingurutik banatu. Gizabanakoak kolektiboaren beharra du eta kontrako baieztapenak, faltsuak izateaz gainera, indibidualismoaren ideia indartu besterik ez du egiten.

Gazteok bizi ahal izateko, inguruarekin harremanak izatea beharrezko dugu, areago, kolektibitatearen parte sentitzeko beharra dugu. Hortaz, gazteon interesak kolektibitatearen interesetatik banatzea ezinezkoa izanik, derrigorrez uztartu beharreko borrokak dira hauek.



Legalizazioa = soluzioa?
Drogen legeztapenak onurak ekarriko lituzke legeztaturiko substantzien kontrolean zein kalitatean. Baina balizko legeztapenak ez lituzke drogen fenomenotik eratortzen diren arazoetariko asko gaindituko.

Esaterako, baldin eta ez baden kapitalismoaren gaindipena planteatzen substantzia guztien balizko legeztapen batetaz hitz egitea gure burua engainatzea da. Narkotrafiko sareak eta drogen status legalak interes ekonomiko eta politiko jakinei erantzuten diete, kapitalismoak kapital metaketarako beharrezkoak baititu. Alta, eredu kapitalista indarrean dagoen bitartean, ezinezkoa da drogen mafiekin zein merkatu ilegalarekin bukatzea.

Bestetik, drogen fenomenoa legeztapenaren aferara mugatzeak, arazo bakarra substantzietan eta hauen kalitatean dagoela onartzera garamatza. Eta beraz. gazteon egoera eta bizi dugun zapalkuntza ezkutatzera. gure arazo bakar gisa drogen status legala aurkeztuaz.

Horregatik eta drogen fenomenoa zabalagoa delako, eztabaida guztia legeztapenaren arabera planteatzen duten posizioak guztiz gainditu beharrekoak dira. Eztabaida faltsuak eta antzuak elikatzeaz gainera, fenomenoak barneratzen dituen hainbat egoera kezkagarrien aurrean ezikusiarena egitea dutelako.



Gazte Mugimendua eta drogak
-Gazteok gure burua defendatzeko premia
Drogen inguruan eztabaidatzea ezinbestekoa bada ere, gazteok pairatzen dugun erasoaldiari aurre egitea hil ala bizikoa da. Drogen aferan eskuak gurutzaturik gelditzea etsaiari terrenoa uztea da. diseinaturik dituzten eraso berriei bide ematea. Horregatik, euskal gazteriak berandu baino lehen. bere buruaren defentsa egiteko bitartekoak sortu behar ditu. arazoaren larritasunari erantzungo dioten neurriak zehaztea premiazko du.

Kontsumoa eta konpromezu politikoa
Menpekotasunak gaitasun kritikoaren murrizketa eta sistemaren bizi ereduen errepikapena eragiten badu. Gazte Mugimenduan eta bere kidegoaren artean honelako egoerak gainditzeko gogoeta beharrezkoa da. Gazte Mugimenduak, gazte iraultzaile eta askeak biderkatu behar ditu. Eta honek ezinbestean mota guztietako dependentziekin haustea dakar, are gehiago, drogamenpekotasunek sortzen dituzten ondorio politiko eta sozialak kontutan hartzen baditugu. Desmobilizazioa, konpromezu politikoak uztea... Zer Gazte Mugimendu eraikiko dugu oinarri horien gainean?

Zentzu honetan, drogen kontsumo eta menpekotasunak Gazte Mugimenduaren arreta eta hausnarketa eskatzen dute. Gazte Mugimenduaren izaeraren baitan drogek zein leku bete behar duten argitzea eta hartu beharreko erabakiak hartzea Gazte Mugimenduaren etorkizunaren baldintzatzaile izango dira.

Gazte espazioak garbi
Narkotrafiko sareek munduan eta modu berezi batean Euskal Herrian duten funtzioaz askotxo ari da hitz egiten azken aldian. Izan ere, drogaren trafiko eta distribuzioa gorputz polizial ezberdinek kontrolatzen dute eta Euskal Herriaren aurkako gerran pisuzko bitarteko errepresiboa izango da. Euskal gazteria da herri honekin akabatzeko estrategian estatuen jo puntu berezia. Bere gaitasun mobilizatzailea eta borroka grina neutralizatzea izango da narkotrafiko sareen helburua, horretarako, drogen erabilera politiko eta polizial argia eginez.

Alta, narkotrafiko sareak ez dira goi mailako mafiosoetara mugatzen. Kontrol sozialerako zein informazioa eskuratzeko sareak dira hauek eta haatik, gazteriaren espazioak bereganatzeko saiakera berezia egingo dute. Gazte tabernak, gaztetxeak, alde zaharrak, ikastetxeak... hauek guztiak lehentasunezko jo puntuak edo merkatuak izango dira narkotrafiko sareentzat. Eta horretarako giro horietako gazteak euren zerbitzura erabiliko dituzte, txantaia eta kolaborazio polizialerako eskaintzen bitartez.

"Trapitxeroak" edo droga saltzeak arrisku faktore bat dira Gazte Mugimenduarentzat. Nahiz eta betidanik ezagunak izan, noizbait Gazte Mugimenduko kideak izan, honek ez du euren arriskugarritasuna leuntzen. Aitzitik, garai bateko pertsonaia ilunen ordez, sozialki "integraturik" dauden gazteak erabiltzeak narkotrafikoaren zeregin poliziala eraginkortu besterik ez du egiten.

Eredu askeak eraiki
Euskal gazteriak bere buruaren defentsa egitearekin batera, jarduera ofentsibo bati ekitea premiazkoa du. Erasoaldiari, alegia, sistemak inposatzen dituen bizimoduei aurre egitearekin batera, pentsatu eta funtzionatzeko eredu propioak eraiki behar ditugu. Hortaz, Gazte Mugimendua orokortasunetik adibide praktikoetara jaitsi eta euskal gazteriari alternatibak eskaintzeko gauza izan behar da. Kontsumismoa, komunikabideen intoxikazioa, zabor kultura, edota drogamenpekotasunei alternatibak aurkeztekoa. Gazte Mugimendua borrokatzeko esparru bat ez ezik, bizitzeko modu alternatiboa bat dela frogatuz eta bere erabilgarritasun soziala erakutsiaz.



[Drogak]