GIZARTEA: Feminismoa

Emakumeon zapalkuntza errotikakoa da, alegia, gizartearen oinarri oinarriko egituraketan aurkitzen dugu eta beraz ezkertiar eta abertzaleak garenon proiektuak ere tamaina berekoa izan behar du. Emakumeon zapalkuntzarekin bukatzeko martxan jarri beharreko proiektu estrategikoan helburu berdintzaileak izateaz gain, geure jardueran, komunikazioan eta borroka moldeetan sexu berdintasunarekin koherenteak diren irizpideak txertatu behar ditugu. Borroka beraz bi dimentsiotan garatu behar dugu: mezu bat eta proiektu bat aditzera emanez, eta bestetik proiektu hori geure jardunaz etengabe gauzatuz eta eredu izanez.

Honetarako ordea, asko dugu aldatzeko eta hasteko euskal gazteriari erreparatu behar diogu; lehenbizi, egoeraz jabetu gaitezen, eta ondoren, behar bezala irauli dezagun.


Testuinguru soziopolitikoa
90. hamarkadako testu inguruak gaur egungo egoera ulertzen laguntzen digu, horrela bada goazen hainbat aspektu aztertzera.

80. hamarkada bukaeratik diskurtso nagusiak emakumeen egoera aldatu egin dela esaten du, Espainiako gizarte "demokratizatua"k berdintasuna bermatzen duela. Sexu zapalkuntza genero diskriminazioan bilakatzen da eta bere seinale biologikoa galtzen du: arrakasta soziala lortzeko aukera berdina dugu guztiok, emakumeak ere aukera hauek aprobetxatu behar ditugu eta eskatzen zaigun eredua konplituz gero lortuko dugu helburua.

Neoliberalismoaren ikurra da: "ahaleginak egiten badituzu, zerorrek nahi duzuna lor dezakezu". Kontserbadorismoa, indibidualismoa eta politika instituzionalizatuak pizten duten lasaitasuna da nagusi, eta diktadurarekiko beldurrak demokrazia formaletik haratago joatea galarazten du.

Ezkerra berdintasunaren diskurtso faltsuaren jakitun, globalizazioari aurre egiteko prestatzen hasten da. Euskal Herrian ere mugimendu ezkertiar eta abertzaleak alternatiba, prozedura, borroka molde eta antolaketa berriak sortze bidean jartzen du bere burua. Baina 90. hamarkada ez da ona gizarte mugimenduentzako: kontzientizazio falta, konformismoa, kriminalizazioa...

90. hamarkadako mugimendu feminista ere ez da 60. hamarkadakoa, mugimendu erradikal, bihurri eta kaletar hori. Gizartearen errotikako aldaketa eman dela dirudi, baina, berdintasun formala lortu dela, baina diskriminazioak bere horretan jarraitzen du. Mugimendu feministak sexua zuen komunean, baina oraingoan klase eta nazioaren kategoriekin egiten du topo. Testu inguru batetan jaioak gara, herri batetan, nazio edota kultura batetan, klase sozial batetan eta belaunaldi batetan. Gaurko feminismoak, emakumeentzako identitate berriak sortu behar dituen proposamen askatzaile bezala, ez daki norengana zuzendu.

Demokratizazioak eta instituzionalizazioak gizarte mugimenduak baztertzen dituzte, politika profesionala bihurtzen da eta jendeak bere gauzetan ematen du denbora. Hainbat feministan boterea barrutik aldatzeko apustua egiten du, baina feminismo kaletar utopikoa eskubide formalez nazkatua dago; eginak aldatu behar dira; ez eskubideak.

Feministak ez dira emakumeen erreferente eta gainera, beste diskurtso politikoekiko lotura faltak (ezkertiar eta abertzaleek gutxi txertatu dute) ezartzen diren emakume ereduei eta bizimoduei aurre egiteko arazo larria sortzen dute, batez ere emakume gazteengan.

Gaurko gazteek "berdintasunaren " belaunaldia izanik, amona eta amen aurrean aldaketa irudikatzen dute. Orain neskek mutilek egiten dutena egin dezaketela, errazago daukatela, gazteak hobeto bizi direla entzunda dugun arren, errealitatean neska gazteek izugarrizko oztopoak dituzte. Diskriminazioarekiko kontzientizazio eta erreferente falta honek mugimendu feministak berritzeko dauzkan zailtasunak azaldu ditzake.


Euskal Gazteriari dagokionez
Euskal gazteria "demokrazia oso"ko garaian kokatzen da. Gizartea despolarizatu egin da eta orain amnesikoa bihurtu da (frankismoa gainditua dago...), akomodatua, indibidualista, konpetitiboa, arrazista... eta noski "berdintasun eta askatasun sexuala" lortu da. Gazterian sustatzen den eredua kosmopolita da, munduan bizitzeko prest, apolitikoa baina "solidarioa", identitate kultural sendorik gabekoa, kontsumista eta bere arrakasta pertsonala besterik ez zaio axola. Maskulino eta femeninoak molde berriak hartzen ditu: orain mutila ez da indartsua bakarrik, sentikorra ere bada eta neska "suharra" izaten hasten da (gorputzari kultua, emakume enpresariaren figura...).

Eskola mistoaren garaia da, neska eta mutilek gauza berak egin ditzakete, espazio berean bizi dira, eskola mistoa "berdintasunaren ikurra" da... Baina itxuraren gainetik, mutilen munduak emakumeena estaltzen du: kirol garrantzitsuenak futbola eta saskibaloia dira, historia gizonezkoek idatzitakoa da, irakasleek bultzatzen dituzten ereduak estereotipatuak izaten jarraitzen dute, hezkidetza planteamenduak isolatuak dira eta irakasle konprometitu gutxi batzuen iniziatibaz bultzatuak... Eskola gainditua da familiarekin batera orain, komunikabideek eta telebistak gazteen hezkuntzaren zati handi bat suposatzen dute, hauek ere balore atzerakoien aldeko lana eginaz.

Euskal Herriko mugimendu abertzale eta ezkertiar iraultzaileak aldaketa prozesuan dauden bitartean hasi izan dira gizarte arazoez arduratzen eta eragile sozialetan militatzen. Eraikuntza nazionalaren estrategia garatzen ari den garai hauetan antolaketa, borroka molde eta balore militante berriak planteatzen direnean hain zuzen.

Errepresioak eta gatazkak askotan balore eta rol sexistak erreproduzitzen dituzten jarrerak eta pertsonak idealizatzera eramaten gaituzte. "Kaleko heroia", "neska lagun konplizea", etab.

Familiarekiko dependentzia, honek utzitako autonomia edo eskatutako obedientzia ez da guztientzako berdina. Emakumezkoei lotura gehiago suposatuko die, harreman sozialak garatzerako orduan, bizitza politikoan parte hartzerako garaian...

Bizi baldintza kaxkarrek prekaritatean bizitzera behartzen ditu gazteak, edozein lan baldintza onartzera eramaten ditu, astebarrua eta asteburuaren bereizketa basatia egin eta aste osoa edozein baldintza kaxkarretan pasatu ondoren asteburuko desfasea desiratzera. Gainera, bizimodu honek baldintza subjektiboak sortzen ditu, funtsean gazteria epe motzeko ikuspegi batekin bizitzera behartuz: astebeteko lanaren zama eusteko bizi gara eta asteburuko parranda botatzeko, baina ez dugu etorkizuneko perspektibarik, ez dakigu zein bizi eredu nahi dugun, eta ez dugu bizi eredu baten aldeko, epe luzerako bizi proiektu baten aldeko, lanik egiten egunerokotasunean. Eguneroko bizitzaren zamak haratago ikustea eragozten digu.


Euskal Gazteriaren pentsaera
Euskal gazteria errebeldea denik ezin uka dezakegu. Identitate propiodun kolektiboa dugu, eta bere gehiengoan independentista eta inkonformista, alegia iraultzailea. Gazte mugimendu oparoa dugu Euskal Herrian eta gizarte eredu baten aldeko lanean subjektu eraldatzailea da dudarik gabe, baina goazen feminismoarekiko gailentzen diren usteak aztertzera.

Feminismoa zer den zalantza asko daude euskal gazteriagan. Teorian berdintasunarekin irudikatzen da eta orokorrean bere dimentsio politikoa irudikatzen da. Baina erreferente falta nabaria da eta patriarkatua edota emakumeen zapalkuntza praktikan irudikatzerako orduan era isolatuan ulertzen da, alegia, ez da gizartearen zapalkuntza global gisa ulertzen eta "berdintasun formala" barneratua dago.

Gazte askok ez dute beren burua feministatzat jotzen eta hauen artean emakume gazte asko dago. Kontzientizazio maila oso eskasa da eta berriz ere erreferente falta ikaragarria azaltzen zaigu.

Gazte gehienen ustetan gizarte berdintasuna lortzeko guztiok dugu zer eginik, bai mutil nahiz neska. Baina emakumezkoak subjektu feminista izatearen inguruan zalantza handiak azaltzen dira. Aldaketaren subjektu guztiok izatearen usteak feminismoaren izaera estrukturala indartzen du, baina emakumezkoen protagonismoa zalantzan jartzen du.

Euskal Gazteriaren jarduera egunez egun: Partehartzea eta baloreak

Oro har neska eta mutilen parte hartzea nahiko parekoa da gazteriaren artean. Kalean, gizarte eragileetan, ikastetxeetan, lanean... Baina ezin da ukatu parte hartzea era desberdinetan ematen denik: izan ere funtzio desberdinetan azaltzen zaizkigu neska eta mutilak sarri askotan. Horrela: indarra behar den zereginetan mutilak azalduko dira gehienbat, eta gainera eginbehar hauek emakumezkoei ukatu egingo zaizkie era zuzen edo ez zuzenetan ("utzi hori nik egingo dut" askotan entzuten den esaldia da, edota emakumezkoei hainbat lan edota jokotan parte hartzea eskaini ere ez egitea (futbito txapelketak, gaztetxeko elektrizitate lanak...). Baina esan beharra dago interes gehiago azaltzen dutela neskek denetik egiteko, mutilezkoek baino. Ikasketa mailan ere neskak gero eta karrera gehiagotan azaltzen dira, mutilezkoen presentzia aldiz ikasketa zehatz batzuetan hutsaren hurrena da (estetika, turismo, administratibo...). Emakumeen mundua (bestelako kalifikazioak exijitzen dituzten eginbideak eta tradizionalki emakumeari egotzitakoak) desprestigiatua azaltzen da, gizonezkoena baino gutxiago baloratua eta gainera, emakumezkoei gehiago exijitzen zaie maila guztietan. Honek segurtasun eza sortzen du emakumeen artean, eta beldurra, segurtasun eza, eta abarretan islatzen dira.

Emakume gazteak kanpotik presio gehiago jasaten du, batez ere familiatik. Honen ondorioz beren buruei gehiago exijituko dio. Familiak etxearekiko ardura gehiago eskatzen dio, eta bere bizi espektatiben gainean ere gehiago egongo da bere ikasketen gaineko presio gehiago eginaz... Gainera emakume gazteen bizitza soziala ere familiak asko baldintzatuko du: etxera bueltatzeko orduak, gainbabesak etab.

Sexu aukerari dagokionean gazteriaren gehiengoak bere burua heterosexualtzat jotzen du. Bestelako aukera sexualak oso gutxi azaltzen dira edo bederen ez dira publikoki adierazten. Etengabe potentziatzen den sexu aukera heterosexuala da eta gainera mutilei zuzendua dago. Hala ere gazte ezkertiar eta abertzaleen artean emakumezkoek gizonezkoek baino era askeagoan bizi dute beren sexualitatea. Azpimarratzekoa da, gazteriak sexualitatea horren era murritzean garatzea, gainera kontutan izanik gazte izanik norberaren aukera sexuala oraindik esperimentatzen ari dela.

Diskriminazioari dagokionean emakumezkoen erdia noizbait diskriminatua sentitu da. Eta gazteriaren gehiengoak onartzen du diskriminaioa ematen dela. Hala ere, diskriminazio egoerak identifikatzeko arazoak daude eta antzematen direnean modu isolatuan ulertzen dira eta ez dute kokatzen diskriminazioen jatorria estrukturala denik.

Mugimendu feministarekiko jarrera dela eta, nahiko ezjakintasun dago. Erreferente falta ikaragarria da, memoria historikoa era bat galdua dago eta gazteriak ez du feminismoaren praktikaren irudirik. Gainera gizarteko iritzi estereotipatu eta desprestigiatzaileak oso txertatuak daude. Hala ere etorkizunari itxaropentsu begiratzen dio, eta garrantzitsu ikusten du Euskal Herriaren eraikuntza prozesuan feminismoari eutsi beharra.


Aurrera begira
Dudarik gabe euskal gazteriaren egoerak aldaketa bat eskatzen du. Euskal Herriaren eraikuntza prozesua abian den honetan, premia bizikoa da sexu berdintasunean oinarritutako lan filosofia, balore eta proiektuak bultzatzea. Baina hau egiteko, gazteriak estrategia feminista bat garatu behar du helburu berdintzaileak dituen proiektua zehaztuz eta jarduera feminista iraultzaile eta egunerokoa aktibatuz. Baina hau egiteko geure pentsaeran eta jardueran dauzkagun hutsuneak identifikatzea beharrezkoa da, ondoren gabeziak gaindituko dituen plangintza abiatzeko. Gaurkoa zertzelada txiki bat besterik ez da izan, nahikoa ondorio argi bat ateratzeko: Euskal Herri independente, sozialista eta feminista bat eraiki nahi badugu gaurdanik geure lana ildo horretan, balore horietan, eta jarduera iraultzaile horretan aktibatu behar dugu. Aurrera bada eta ekin lanari.

GORA EUSKAL HERRIA
INDEPENDIENTE
SOZIALISTA
ETA FEMINISTA!!