ARTXIBOA: 1970, Burgoseko prozesua

32 urte, jadanik 32 urte pasa dira Burgoseko Prozesua eraman zenetik, Euskal Herriaren kontra zuzendutako epaiketa ezagutuenetarikoa eraman zenetik.

1970, abenduaren 3 eta 8a bitartean burutu zen prozesua. Bost egunez beraz Xabier Izko, Teo Uriarte, Xabier Larena, Jokin Gorostidi, Mariano Onaindia, Unai Dorronsoro, Enrike Gesalaga, Antton Karrera, Goio Lopez, Itziar Aizpurua, Bittor Arana, Julen Kalzada, Jone Dorronsoro, Josu Abrisketa eta azkenik Arantza Arruti hamasei euskal gudariak auziperatu zituzten.

Hasiera batean Espainiar estatuak oso indartsu ikusten zuen bere burua. Nazioarte mailan ematen zitzaion errekonozimendua kontutan hartuta (EEBB eta Europako Komunitate Ekonomikoko kideen sostengua batez ere) eta ETAk euskal gizartearen baitatik zuen babes urriaren ustetan, Espainiak segurtasun osoz bultzatu zuen prozesua, erakunde armatuaren zigor tresna bilakarazi nahian. 31/69 sumarioaren azterketa orduan jarri zen martxan.

Euskal Herria ordurako jadanik salbuespen egoeran izanki, epaiketa militarren esku gelditu zen, azken hauek "ordenu publikoa" mantentzearren (Burgosko Capitania generalak, Seigarren zonalde militarrean kudeatu zuen epaiketa,Tomas Garcia Rebull eskuin muturrekoa zelarik buru).

"Operación Sagarra" delakoan ETAk hildako Meliton Manzanas torturatzailearen heriotza izan zen epaiketaren oinarririk garrantzitsuena (Manzanas erakunde armatuak nahitara hildako lehena izan zen). Afera horretan inplikaturiko guzientzako fiskalak heriotza zigorra eskatu zuen. Abenduaren 28an epaimahaiak aurkeztu zuen erantzuna galdetutakoa baino are gogorragoa izan zen: Jokin Gorostidi, Teo Uriarte eta Xabier Izko euskal gudariek esate baterako, heriotza zigor bikoitza jaso zuten.

Erabaki barbaro horien aurrean, Francoren erregimenak inondik ere espero ez zuelarik, gizarteak erantzun azkarra eman zuen.

Abenduaren 2tik hasita garatu ziren paro nahiz mobilizazioak. Ustez inolako babes herritarrik ez zuen erakundearen borroka herri borroka zela argiki azaldu zen, aldi berean Espainiar estatuaren eskemak apurtuz.

Gainera euskal herri edo hiritarrak ez ziren izan mobilizatu ziren bakarrak; mundu mailatik ere sostengua adierazi zitzaien Espainiaren atzapar artean harrapatuta ziren hamasei gudariei eta bide beretik Euskal Herriari (Estatu Frantziarra, Alemaniar Errepublika Federala, Suitza, Belgika, Danimarka, Suedia, Norbegia, Ingalaterra, Italia, EEBB, Argentina eta Venezuela protestaldiaren lekuko egin ziren).

Mugimendu masiboak zirela medio, frankistek, nolazpait kolokan ezarria zen indarra konfirmatu nahian, paraleloki manifestazioak antolatu zituen armadaren alde estatuko hainbat hiritan.

Gauzak hola, alde batetik Estatu Espainiarraren kondena deliberoa ikusita eta bestetik munduko hainbat herrik eragiten zion presioa kontutan hartuta, Francok amore eman behar izan zuen. Azken finean heriotza zigorrak baliogabetu ziren eta 1977an gehiengoa indultu orokorrarekin kaleratu zen.

Burgoseko hamaseien gutuna
Prozesua aurrera zihoala, hamasei inplikatuek karta bat erredaktatu zuten haien posizioa zabaltzeko eta sostengua adierazi zuten herritarrei haien eskerrak eta onespenaren helarazteko. Hona hemen idatzi honen atal nagusiak:

"Gure teori iraulea mundu guztiari azaltzeko bide bezala ta gure Herriak dauzkan zapalkuntzak erakusteko erabili dugu juizio hau. Euskal Herriak bakarrik juzga gintzake."

"...defentsa eta akusatu hutsak izatetik garrantzi haundiagorako zeregina eskuratu genue[n], Euskal Herriaren izenean juzgatu eta kondenatu genuen sistema zapaltzailea ta Burokratiko-Militar instituzio guztia."

"benetan indartu gaituzten gauzak hauek izan dira: epaiketa edo prozesu hau faxismoaren aurka bihurtu da... sistema salatu ta gure Herriaren egoera agerarazi dugu; ETAren teori iraulea mundu guztiari azaldu diogu..."

"Zuen laguntza hertsi ta iraulea gabe sistemaren legearen oztopoak atzera utziaz ezer gutxi egingo genuen, Tribunala salatu... bakarrik; gaur epaitu ez sistema bakarrik, bere estatu guztia baizik."

Burgostik.1970.Auzi-aulkiko hamaseiak.



[Memoria astintzen]