Tolosatik hurbil, 4,1 km2-ko zabalerarekin eta 1.801 bizilagunekin Anoeta aurkitzen da. Oria ibaiak auzoko Irura udalerritik banatzen du. Etxebizitzak sakabanatuak aurkitzen dira, eta ez du populazio gune nabarmenik.


Anoeta herriak, Tolosarekiko hurbiltasunagatik, historian zehar inguruetako hiribildurik dinamikoenaren eragina bizi izan du. Eragin hau areagotu egin da azken urteotan eta ondorioak gune txiki honen handitzean gauzatu dira.

1615ean gaur egun duen titulua eskuratu zuen hiribildu hau, Oriaren ingurualdean lekutzen da. 1374ean Tolosari batu zitzaion, alkate tolosarraren agintetzara meneratu eta herri lurren gastuak ordaintzera behartu zelarik, baina bere mugarritutako lurrei, administrazioari eta abar eutsiaz.



San Juan Batailatzailea Parroki-Eliza


Tolosarekin auzokotutako beste hainbat parrokiarekin batera, ekonomia arazoengatik Valladolideko Erret-auzitegi Gorenaren aurrean auzitan egin zuen, arazoari 1450ean izenpeturiko itune batekin irtenbide eman zitzaiolarik.

Burujabetasuna lortu zuelarik Probintziako Biltzarretan bere lekua bete zuen, baina hari eustea hain garestia zenez gero, 1742an Alkizarekin batera Ainsuko Batura osatu zuen. 1815ean Hernialde uztartu zitzaien eta Ainsuberreluz izen berria hartu zuen.


Hirigunea Elizaren eta lehengo batzartokiaren inguruan biltzen da. Udaletxea eta etxe berriak eraiki direnez gero plaza angeluzuzen bat eratu da, hirigunean eraikitako multzoa bilduko duena.



Ateaga baserria


San Juan Batailatzailea Parroki-Elizak bateratasun ikaragarriak ditu gertuan dagoen lrurako elizarekin. Neurri txikikoa da, nabe bakarra eta poligonozko absidea du. Gurutze-gangak ditu eta sarrera erdi puntuko arkua duen portada xume batean zehar egiten da. Dorrea elizaren oinaldean lekutzen da.

Udaletxe zaharrak gehiago dirudi etxebizitza arrunt bat. Bereizgarri gisara burni-landuzko balkoi luzea eta armarria ditu. Udaletxe berriak, eraikuntza modernoa bada ere, etxe hauek izan ohi duten egituraketari eutsi dio: arkupea, balkoi jarraituak eta armarria. Guzti hau ordea, oso modu bestelakoan egina, egungo estiloa jarraiki.


Hirigunean bertan, Eliza eta Udaletxea alde batera, komeni da etxe interesgarri bat hona ekartzea: Erretore-etxea. Aurrekaldean duen plakak dioenaren arabera etxea 1913an birreraikia izan zen. Tradiziozko etxeto zahar baten antza du.

Etxe honekin zerikusirik duen beste bat, izenari dagokionez behinik-behin Apaetxe da. Baserri erako eraikuntza handia da, aurrekaldean armarria duena.


Anoetak dituen hainbat ezaugarri interesgarri deskribatzeari ekin aurretik, aipatu beharrean gaude trenbideak herri-tajuketan duen garrantzia. Segidan azalduko ditugun gune ezberdinak aztertu ahal izateko ezinbesteko izango zaigu trenbidean erreparatzea.

lturgaitza baserrian, herri barrutik metro gutxitara, arku beheratuko atea eta ifar-fatxadan leiho konopial bat ikus daitezke. Era bereko beste bi leiho jatorrian zeuden lekutik atera eta fatxada nagusi ondoan kokatu dira loraontzi gisara. Sotoa ere toki interesgarriada.

San Juan baserria antzinako baseliza batek betetzen zuen tokian kokatzen da. Lotura honi esker uler daiteke baserri ondoan gurutze bat egotea. Oso dekoratua dago. Tamalgarria da aipaturiko baselizan amaitzen zen gurutze-bide oso baten lekuko bakarra izatea.


Barrundi Barrenako gurutzea


Mendigibel eta Buztinaga, Anoeta errotaren aztarnak bezalaxe, herri-muinaren ingurunean lekutzen dira.



Ateaga Etxeberri baserria


Baserri-sailik handiena kanporatuxeago dago, Billabona eta Asteasurekiko muga-inguruan. Tapi, Agerre eta Etxeberri baserriek trenbide alboan dagoen multzoa osatzen dute. Lehenak egurrezko egituraren atal bat agerian dauka, apaingarri gisara erabilia. Atzekaldean leiho-arteak edo bestela esanda harrizko euskarriak gordetzen ditu. Xumeagoa dugu Agerre, harlangaitzezko horma zuritu eta kareztatukoa. Etxeberrik alboetako fatxada batean orain itxirik dauden arku batzuren aztarnak ditu. Erakargarritasunik handieneko elementua etxe-aurrea du, ganbarako itxitura, adreiluz eginikoa. Adreiluak jartzeko era dela eta, hainbat hutsarte ditu gainera, fatxadari panel edergarri bat ezarriaz.


Iturralde, Ateaga Etxeberri eta Ateaga azken honetan amaitzen den bide inguruan kokatzen dira. 1666an egindako baserria da, armarripeko kondairak adierazten duen bezalaxe. Latinez dago idatzia eta eraiketa-gorabeherak azaltzen ditu. Armarriak kupuladun eraikuntza irudikatzen du, mailadi bat igota sartzen delarik. Etxeak duen izenarekin izan dezakeen nolabaiteko lotura (Ateaga) oso iluna da.



Etxeberri baserria


Beheraxeago eginda Ateaga Etxeberri daukagu, fatxadan erdi puntuko arku itxi bat gordetzen duena. Iturralde erantsitako bi eraikuntza bixki dira. Bertakoek adierazi dute, harrigarria bada ere etxebizitza bakarra osatu dutela beti.

Ateagatik irtenda, bide bazterretan barna sarturik Zumalakardi, Bideondo Agina Etxeberri eta Aginaga Azpikoa baserrietara irits daiteke, guztiak ere baserri-arkitekturaren adibide tipikoak direlarik.